XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haren txoferrak atera zian, Owen Taylor izeneko tipo batek.

Sesioa jartzera joana zuan Geigerrenera, ze Owen Taylor Carmenekin maiteminduta zegoen eta, ez zizkian gogoko Geigerrek neskarekin zebilzkian joko klase haiek.

Atzeko atetik sartu zuan, burdinaga batekin eta pistola batekin, eta barruan Geiger harrapatu zian Carmeni arroparik gabe foto bat ateratzen.

Orduan pistola lehertu egin zuan, pistolak egin ohi direnez, eta Geiger zerraldo erori.

Orduan Owenek hanka egin zian, baina aldean eramanda Geigerrek Carmeni atera berria zion fotoaren negatiboa.

Orduan hi haren atzetik korrika joan eta fotoa harrapatu hion.

Nola eskuratuko huke bestela?

Brodyk ezpainak milikatu zituen.

-Halaxe izan zuan esan zidan.

Baina horrek ez dik esan nahi nik akabatu nuenik.

Tiroak entzun nizkian, bai, eta baita hiltzailea ikusi ere atzeko eskaileratik arrapaladan jaisten, Buickean sartzen eta alde egiten.

Haren atzetik joan ninduan.

Arroilaren hondoraino jaitsi zuan eta Sunseten mendebaldera hartu.

Beverly Hills pasata irrist egin zian eta kaminotik atera zuan, eta gelditu beharra izan zian, eta ni harengana inguratu ninduan txakur plantak eginez.

Pistola bat zeukaan, baina nerbioak airean zegoenez, kaskarreko bat eman nioan.

Orduan arropak miatu eta zein zen jakin nian eta karretea harrapatu nioan, jakinmin hutsagatik.

Zer ote zen neure artean galdezka eta kokotea bustitzen ari nintzela, bera derrepentean bere onera etorri eta zartako bat eman zidaan eta kotxetik aparte bota.

Lurretik altxa nintzenerako ez zegoan haren arrastorik.

Orduantxe ikusi nian azkeneko aldiz.